| Eraikin oso bat okupatu dute etxebizitzaren arazoari aurre egiteko |
|
|
|
| domingo, 06 de enero de 2008 | ||||||
![]() Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzen ez zaiela salatzeko, hutsik zegoen Erribera kaleko eraikin osoa okupatu du Bilboko gazte talde batek, bertan etxebizitzak egiteko asmoz. Bilboko 20 gazte inguru. Joan den abenduaren 28an, Erribera kaleko 5. zenbakiko eraikina okupatu zuten. Hutsik zegoen lau solairuko eraikin osoa. Orduz geroztik, ilusioz eta bizi gogoz beterik dago, beste era batera euren gurasoen etxebizitzetatik joaterik izango ez luketen gazteen ilusioz beteta. Ostirala eguerdian lanean jo eta su ari ziren etxea okupatu duten gazteak. Atarian komunikabideentzako agerraldia egin zuten. Ez dute ezkutatu nahi, eta horretarako arrazoirik ere ez dutela uste dute. Horrelako erabakia zergatik hartu duten azaldu zuten. Etxea okupatu duten gazteak Bilboko ikasleak edo langileak dira, baina dituzten soldatekin ezinezkoa zaie etxebizitza duin bat eskuratzea. «Horretarako, gure soldata ia osoa hipoteka ordaintzeko erabili beharko genuke 50 urte luzez; bizi oso bat etxebizitza baten truke». Erribera kaleko eraikina okupatu duten gazteena beste edozein gazteren egoera da, beraz. Horren errudunak nortzuk diren argi dute: «Erakunde publikoak dira. Haiek bermatu behar digute guztioi etxebizitza duin bat izateko eskubidea, baina bistakoa da ez dutela hori egiten». Gazte talde horrek okupatu duen eraikina ez da edozein. Erdigunean dago, Arriaga antzokiaren ondo-ondoan, eta leihoek Ibaizabal itsasadarrera ematen dute. Eraikina hutsik dago joan den 10 edo 15 urtean, baina etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak ikusterik ez dago hor maila ekonomiko handiko pertsonak bizitakoak direla konturatzeko: adibide bat jartzearren, etxebizitza bakoitzak 400 metro koadro inguru ditu. Edozein momentutan etxetik bota ditzakete. Oraingoz, behintzat, ez da Poliziarik agertu kontu hartzera. Baina etxearen jabearen oharra heldu zaie. Jabea etxebizitza agentzia bat da. Bere asmoa da Erribera kaleko 5. zenbakiko eraikinean luxuzko etxebizitzak egitea. «Etxe sustatzaileko abokatua gure abokatuarekin harremanetan jarri zen, guk zein asmo geneukan jakiteko. Salaketa jarrita daukagula jakin badakigu». Baina gazteek ez dute alde egiteko asmorik.
Etxebizitzak egingo dituzte Gazte taldeak badaki haien ametsa edozein momentutan zapuztu dezaketela, baina, hori gertatu bitartean, beren egitasmoak aurrera ateratzeko gogor ari dira lanean. «Bizitzeko lekuak ahalik eta azkarrena prest izatea da gure lehentasuna orain». Hain zuzen, 3. eta 4. solairua erabili nahi dituzte gazteentzako etxebizitzak egiteko. Metro koadro kopuru handia dute horretarako. «Argi baldintza onekin, nik uste 30 lagun erraz sar daitezkeela bizitzera». Beheko bi solairuetan gune irekia egin nahi dute, auzokoekin partekatzeko. Ostiralean egin zuten agerraldian gogoan izan zituzten auzokoak. Barkamena eskatu zieten, etxea okupatu zuten egunean «susto handia emateagatik». Baina astebeteko tarte horretan auzokoekin hitz egiteko aukera ere izan dute, beraien asmoen berri emateko. Beste batzuei informazio orrien bitartez azaldu dizkiete beren nahiak. «Orain arte, oso ondo hartu gaituzte. Horrelakoren bat egin behar zela esan digute». Auzokoen animo eta guzti, lanean jarraitu zuten, ametsak egia bihurtzeko. BOMeko web orrian argitaratutako bideoa: (7an YouTubera igo dute)
Powered by !JoomlaComment 3.12 Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved. |
||||||
| < Anterior | Siguiente > |
|---|






