| Euskal Herriko burujabetzaren alde borrokatzeko deia egin dute gazte independentistek Bilbon |
|
|
|
| domingo, 24 de febrero de 2008 | ||||||
|
Euskal Herriko beste hamaika tokietan bezala, atzo ehunka gaztez osaturiko uholdea abiatu zen Bilboko plaza eliptikotik. Beste behin ere, tinkotasunez adierazi zuten gaur egungo markoarekin etorkizunik ez dagoela, eta etorkizuna, independentzia dela. Honetaz gain, dei zuzena egin zuten abstentzioaren alde martxoren 9ko hauteskundeei begira. "Zuekin etorkizunik ez! Etorkizuna independentzia!" leloa hartuta, mobilizazio jendetsua burutu zuten atzo Bilbon. Euskal gazteriari independentziaren alde borrokatzeko deia egin zieten antolatzaileek. Gaur egun gazteak Espainiako Konstituzioaren menpe egotearen ondorioak jasaten ari direla ohartarazi zuten, eta etorkizunaren jabe izateko ezinbestean Espainiako Konstituzioa «suntsitu» behar dela aldarrikatu. Ehunka lagunek bat egin zuten gazte independentistek arratsaldeko sei eta erditan Eliptika plazatik abiatu zen deialdiekin. Abstentzioa Espainiako hauteskundeetarako kanpainaren hasierarekin batera, Euskal Herriko burujabetzaren alde borrokatzeko deia egin diote independentziaren aldeko gazteek euskal gizarteari. «Aukera historikoa du herri honek, subiranotasunaren aldeko urrats atzeraezinak emateko garaia da eta herri honen aitortza eta eskubideak gauzatzeko dauden hesiak aldatzekoa», adierazi zuten gazteek bukaeran irakurritako agiri batean. Espainiako Konstituzioaren «hesia» euskal herritarren gehiengoak pairatzen duela iritzita, hura apurtu eta herriaren hitzak eta erabakiak errespetatua izan behar duela azpimarratu dute gazte independentistek. Euskal Herriak bizi duen egoera Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako legedian duela oinarria azaldu dute. Hala, azken hilabeteetan legedi horien «menpeko» izateak dakartzan ondorioak agerian geratu direla uste dute: besteak beste, gogoratu dute poliziak euskal herritarrak atxilotu eta torturatzen ari direla, eta aste honetan Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik bost urte bete direla. Gainera, eskubideen murrizketa oinarri duen egoera gainditzeko balio behar zuen negoziazio prozesuak aurrera ez egiteko arrazoia «Espainiako Konstituzioaren muga» izan dela nabarmendu dute gazte independentistek. Eta, horrekin batera, EAJri eta Nafarroa Bai-ri leporatu diete Konstituzioaren menpe egotea, eta Euskal Herriko eskubideak «negoziatzea». Azken hilabeteetako balantze errepresiboa ere ezkorra dela iritzi diote gazteek. Haatik, errepresioak ez duela euren ekimen politikoa estaliko ohartarazi dute: «Orain arte erakutsi dugun grinarekin jarraitzen dugu, gu garelako momentu honetan herri honen gehiengoa batzen duen erabakia, lurraldetasuna, elkarrizketa eta akordioaren bidea defendatzen dugun bakarrak». Gazteen arabera, euskal herritarren zati bat jabetuta dago Espainia eta Frantziako estatuei «stop» esateko garaia dela, eta Konstituzioaren «menpe» dabiltzan alderdiei «bizkarra eman» eta Euskal Herriaren burujabetzaren alde oihukatu behar dela. Horregatik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei «lanerako gaitasunarekin» helduko dietela ziurtatu dute. Hartarako, pasa den asteko greba deialdian herritarrek erakutsi zuten «determinazioa» aurrera egiteko oinarri gisa hartuko dutela esan dute. Martxoaren 9an Espainiako Konstituzioari ezetza emateko aukera paregabea dagoela, eta abstentzioaren bidez Euskal Herriak ez duela Espainia onartzen erakutsi behar dela adierazi dute gazteek. [08-02-21] Independentzia aldarrikatuko dute gazteek larunbatean Bilbon
Powered by !JoomlaComment 3.12 Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved. |
||||||
| < Anterior | Siguiente > |
|---|





